XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Frisia eleanitzaren egoera linguistiko eta soziolinguistikoa deskribatu ondoren, hizkuntza gutxitua ikasteko kanpoko presio ekonomiko txikia eta nederlanderaren nagusitasuna ezaugarri dituen testuinguru honetan frisiera helduei irakasteaz arituko gara orain.

Zenbaitentzat Herbehereak eta baita Frisia bera ere oso herri tolerantea da.

Hala ere, bi muga sozial nagusi daude.

Eta muga horiek oztopo handiak dira benetan frisiera ikasi nahi duenarentzat.

1 Nederlanderaren hizkuntz taldearen nagusitasuna.

2 Nederlandera hitz egiten duten hiztunak gizarte-maila altuagokoak izatea.

Muga horiek hizkuntza gutxituaren hiztunak bere hizkuntza erabiltzea zaildu baizik ez du egiten orekarik gabeko egoeran horretan.

Erdi-liberal batek, gizarte presioaren tresnaz baliaturik, honako hau esan diezaioke frisieraz jardun nahi duenari: Benetan zuen hizkuntza frisiar dibertigarri hori erabili nahi baduzue, zuen esku dago erabat.

Heldu batek ikastaro batean frisiera ikastea eta ikastaroa amaitu ondoren erabiltzea gehienetan bere esku dago soil-soilik.

Hezkuntz testuingurua

Hezkuntzan frisierak duen egoera Herbehereetako hezkuntza-sistema orokorraren araberakoa da.

Hala ere, Herbehereek ez dute curriculum nazionalik eta, gainera, lehen hezkuntza bukatzean ezinbestean egin behar dituzten nazio-mailako testek ez diote estu-estu legeak dioenari jarraitzen.

Eskola publiko zein pribatuek legearen asmoak betetzeko eskubidea eta beharra dute, nahi bezala eta beren ardurapean.

Hezkuntza-mailako askatasun horrek ondorio kaltegarriak ekartzen dizkio frisierari askotan.

30eko hamarkadan frisierazko hezkuntzarako erraztasuna ohiko hezkuntza-sisteman handitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka.

1937an frisieraren irakaskuntza lehen hezkuntzan onartu zen, Herbehereetako dialekto bat legez, Herbehereetako edozein tokitan.

50ekoan Leewarden-en frisieraren aldeko eskubideengatik auzitegietan izandako zenbait iskanbilaren ondoren bigarren mundu gerraren ondoren gutxika-gutxika sortutako eskola elebidunak legeztatu ziren 1955eko Herbehereetako Lehen Hezkuntza Aldatzeko Legearen bitartez.

Frisiera derrigorrezko ikasgaia da 1980. urteaz geroztik lehen hezkuntzan, baina hezkuntza-askatasunaren kariaz gobernuak ez du ezartzen frisiera irakasteko jarraitu beharreko ildorik, eta frisiera ikasgaiari zenbat eskola-ordu eskaini beharko litzaiokeen ere ez du esaten.

Ikerketek argi uzten dute Frisiako lehen hezkuntzako eskola askotan frisierari eskaintzen zaion denbora legeak ezarritako gutxienekoa baino ez dela, astean 30 edo 45 minutu.

Ondorio bertsuak aurkitzen ditugu frisiera beste ikasgai bat irakasteko bitarteko denean.

Lehen hezkuntzan frisieraren bitartez edozein ikasgai irakasteko eskubidea dago; hala ere, orain arte eskola gehienek prestigio gutxieneko ikasgaiak irakasteko erabili dute frisiera, adibidez biologia edo historia.